martes, 3 de noviembre de 2009

HEZKUNTZA HISTORIAN

Equipo: EINSTEIN
Garai batean jasotako heziketa eta gaur egungoa oso ezberdinak dira. Ez dago dudarik modernizatu egin dela gure gaur egungo hezteko modua, eta jada oso urruti gaude lehen jasotzen zuten edukazio horrengandik.

Lehenik, antzinarotik hasita, greziar eta erromatar inperioetan, garrantzi handia ematen zioten umeen heziketari; militar onak izan zitezen gehienetan, eta honetarako diziplina gogorra erabiltzen zuten.

Hurrengo historiako aroan, Erdi Aroan, beste gauza askotan bezala, hezkuntzak ere beherakada nabarmena izan zuen. Geroago, Elizak, monasterioen bidez, erlijioaren munduan sartu ziren gutxi horiek hezteko ardura hartu zuten; horretarako, pertsona horiek modu egokian prestatu zituen: artean, sendabelarretan, filosofian, teologian, etab.

Geroago, Aro Modernoan, Erdi Aroko pentsamendua Errenazimenduko joera humanistarekin batzen saiatu ziren orden erlijiosoak. Une horretan sortu ziren, besteak beste, Jesusen Konpainia eta Eskolapioak.

Handik hiru mende ingurura, XVIII. mendean, hezkuntzak herriaren garapenean garrantzi handia zuela konturatu ziren. XIX. Mendean, Frantziako Iraultzarekin loturik, eskola publikoaren kontzeptua guztiz onartu zen.

1857tik hona, hots, ikastea beharrezkoa zela zioen legea sortu zenetik, aurrerapen asko eman dira hezkuntzaren arloan. Pixkanaka gero eta garrantzi handiagoa emanez joan zitzaion. 1900. urtean Heziketa Publikoaren Ministerioa sortu zen Espainian eta, horrekin batera, maisu-maistrei soldata ordaintzeko ardura hartu zuen ministerio horrek.

Urte batzuetara, bigarren Errepublikaren aldarrikatzeaz bat, 1931an, apustu argia egin zen eskola publiko eta laikoaren alde. XX. mendearen amaieran Espainian 16 urte arte zabaldu zen derrigorrez ikasi beharreko adina, eta, horretarako, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza sortu zen.

Hezkuntzaren garapen luze honetan guztian, garai haietako neska-mutikoek ez zituzten guk ditugun aurrerapenak. Hasteko, lehen ez zeuden guk orain erabiltzen ditugun ordenagailuak bezain tresna eraginkorrak. Gainera ez zegoen guk probetxu handia ateratzen diogun Internet ere. Eta orduan informazioa biltzeko entziklopedia eta liburu asko begiratu behar izaten zituzten. Eta batzuetan idazteko makina eta guzti erabili behar izaten zuten lanak aurkezterakoan.

Orain, berriz, ezin dugu imajinatu ere egin ume bat ordenagailu gabe etxeko lanak egiten; areago, oso zaila egiten zaigu egun oso bat ordenagailu gabe eta are gutxiago Internet gabe imajinatzea.


Baina, ez da hori aldatu den gauza bakarra. Besteekiko errespetuaren kontzeptua ere oso desberdina da orain. Garai baten, gure gurasoek kontatzen duten bezala, eskolan jartzen zizkieten zigorrak ez ziren “idatz ezazu ez dut gehiago hitz egingo 100 aldiz” bakarrik, baita zigor fisikoak ere: zuzenkiarekin kolpeak, etab., esate baterako. Baina gaur egun guztiz baztertu dira, pedagogiarekin bat ez datozelako.
Ikus daitekeen bezala, gaur egungo hezkuntza beste garaikoekin alderatuz, oso ezberdina da. Hezkuntza-sistema, eta honekin loturik erabiltzen den teknologia, asko aldatu eta aurreratu dira. Atzean geratu ziren kolpeak eta antzeko zigorrak, eta orain, jasotzen dugun heziketa irekiagoa, aro berriarekiko egokiagoa eta gu, pertsona gisa, hobeto ulertzen gaituena da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario